Abiatzera doa Altzako SmartKalea

 

Hasi dira Altza auzoko SmartKalea proiektua hedatzeko lanak; Kale Nagusian dago ezarrita gaur egun. Altzako pasealekua da ardatz nagusi gisa proiektua ezartzeko aukeratutako kalea; baita Larratxo pasealekuaren zati bat ere –anbulatorio aldera–; zona horretako hamabi komertzioa eta lehenengo etxebizitzak hasi dira dagoeneko proiektuan parte hartzen. Datozen egunotan, izena emateko bigarren faseari ekingo zaio eta, aldi berean, smart azpiegiturak jartzen hasiko dira.

 

SmartKalea proiektua arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzako ekimena da, hiriaren eremu batean Smart ikuspegi batetik elkarrekin bizi diren eragileak bateratzen dituena: herritarrak, negozioak, enpresa teknologikoak eta Udaleko Sailak. Aitzindaria da nazio mailan, eta kale bakarrean energia-eraginkortasuneko, jasangarritasuneko eta IKTei dagozkien soluzioak bateratzen ditu, maila txikian koordinazioa eta integrazioa behar dutenak eta esperientzia pilotu gisa balio dutenak, gero hiriko gainerako lekuetara eraman daitezkenak.

 

Altzan egongo da Donostiako bigarren smart kalea, Garapen Ekonomikoko arloak, Donostiako Sustapenaren bitartez, SmartCities delakoen arloan egiten duen apustuaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde- antolamenduko Sailaren baterako finantzazioarekin. Honako hauek dira proiektuaren helburu nagusiak:

  • Donostia Smart hiri bihurtzea, herritarren bizi-kalitatea hobetu dezan.
  • Energia eta ekonomia-aurrezpen handiagoa lortzea hiru arlo nagusitan: merkataritza/ostalaritza, etxebizitzak eta hiriko azpiegiturak, ingurumenarekiko konpromisoari eutsita.
  • Herritarrak eta merkatari eta ostalariak energia-aurrezpenaren eta jasangarritasunaren inguruan sentsibilizatzea.
  • Komertzioetarako eta laguntzaile teknologikoetarako negozio-aukera berriak sortzea: kalearen promozioa/ikusgarritasuna, kanpora begirako proiekzioa, produktuen/zerbitzuen erakusleihoa.

 

SmartKalea proiektuak lortutako azkeneko sarien artean, aipatzekoa da SOCINFO Fundazioaren 2015eko Smart Cities saria.

 

noticia smartkalea contenido3

 

Helburu horiek lortzeko, honako jarduketak planteatzen dira: 

1.- Energia-eraginkortasuna eta horri buruzko aholkularitza:

Donostiako Sustapenak, Ingurumen Sailaren eta Udaleko Ur- eta Saneamendu ustiakuntzako Zerbitzuaren laguntzarekin, energia-eraginkortasunari buruzko aholkularitza-zerbitzua jarri du komertzio eta etxebizitzen eskura, kontagailu adimentsuekin eta energia- eta ur-kontsumoak monitorizatzeko plataforma batekin batera, energia-kontsumoa eta, horren ondorioz, gastu ekonomikoa murrizteko helburuz. 

 

Uhin Energia enpresak ematen du energiari buruzko aholkularitza komertzioetan, etaDonostiako Udaleko Ingurumen arloak etxebizitzetan, Enea enpresaren bitartez. Komertzioen zein etxebizitzen kasuan, kontsumoen plataforma berriaren bitartez egingo da kontsumoen jarraipena eta, parte-hartzaileei banan-banako aholkularitza emateko informazioa emango du. Zeregin horiek 2017ko urtarrila eta apirila bitartean egitea aurreikusten da.

 

2. Ur-kontagailu adimentsuak

Behin parte-hartzaileen behin betiko zerrenda prest dagoenean, ur-kontagailu adimentsu berriak jarriko dira eta, horrekin, parte-hartzaile bakoitzak egiten duen ur-kontsumoa monitorizatzeari ekingo zaio. Jarduera horretan parte hartzen du Donostiako Udaleko Hiri-mantenu eta -zerbitzuen departamentuko Uren arloak; arlo hori da ur-kontagailu adimentsu berriak jartzeaz, kudeatzeaz eta mantentzeaz arduratuko dena.

 

noticia smartkalea contenido4

 

3. IKTei buruzko aholkularitza eta prestakuntza

Ekimen berritzaile horren helburua da merkatariak IKTen inguruan prestatzea eta horri buruzko aholkularitza ematea, eta beren establezimenduetan negozioen hobekuntza lehiakorrerako soluzio teknologikoak testeatzeko aukera emango dieten proiektu pilotuak ezartzen laguntzea. Donostiako merkatariei beren negozioetan eta merkatuarekiko harremanetan IKTak eskuarki erabiltzeko bidea erraztu nahi zaie, hori guztia Smart hiri baten esparruan. 

 

Jarduera hori In-Situ enpresarekin lankidetzan ari da egiten. Oro har merkataritzari zuzendutako marketin digitalari eta arrakastarako faktoreen kudeaketari buruzko jardunaldi bat egin da, eta azkeneko asteetan, gainera, banan-banako diagnostikoak egin dira Altza auzoko 7 komertziotan; horri esker, aurrerapenak egin dira beren web posizionamenduari, enkarguak jasotzeko whatsapparen erabilerari eta geokokapenaren hobekuntzari dagokionez, besteak beste.

 

4. Argiteria adimentsua

Argiteria adimentsuak azpiegitura eraginkor eta jasangarria garatzen lagunduko du, zonan segurtasun-sentipena handituko du eta, gainera, herritarrak energia-kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientziatuko ditu. Proposatutako jarduketa Leycolan enpresak garatuko du, eta Sodio-lurrunezko gaur egungo argien ordez LED teknologiadunak jarriko dira. Teknologia hori argien piztea edo erregulazioa automatikoki kontrolatzeko gai izango da, presentzian, egutegietan eta ingurumen-parametroetan oinarrituta, besteak beste.

 

5. Oinezkoen mugikortasuna

Hor sartzen da SmartKalea proiektuaren barruan pertsonak zenbatzeko eta tracking sistemak garatzea eta ezartzea, pertsonen joan-etorriei buruzko datuak biltzeko helburuz. Jarduketa hori Dinycon Sistemas, Ingenieria enpresarekin lankidetzan egingo da; enpresa horrek bi trancking sentsore eta pertsonak zenbatzeko sentsore bat jarriko du kaleko azpiegituran, bai eta komertzioetako joan-etorrien zenbaketa egiteko barruko sentsore bat ere, establezimenduetan sartzen den pertsona kopurua neurtuko duena. Sistemak sortutako informazioa eta inguruneari buruzko informazioa (eguraldia, ekitaldiak, etab.) oso interesgarria izango da merkatarientzako, zenbaketa-datuen informazioan oinarrituta hobekuntzak egiteko aukera izango baitute: baliabideak kudeatzea eta planifikatzea, publizitate-kanpainen eta promozioen eragina neurtzea, etab. Honako hauek defini daitezke komertzioaren erreferentziazko adierazletzat:

  • Establezimenduan sartzen den pertsonen ratioa, kanpotik igarotzen direnekiko
  • Jende-oldeetan eguraldiak duen eragina
  • Kanpaina eta promozioen konbertsio-ratioa

 

6. Ingurumen-sentsoreak

Proiektuaren zeregin hori da Altzako pasealekuan bi ingurumen-sentsore jartzea eta integratzea. Ikusi enpresa arduratuko da zeregin horretaz; bi kaxa jarriko dituzte, bata CO2 eta NOx parametroen ingurumen-neurketak egiteko, eta bestea zarata neurtzeko sentsore batekin.

 

noticia smartkalea contenido5

 

7. Integrazio-plataforma

SmartKalea proiektuaren Integrazio-plataforma da Ikusi enpresak sistema adimentsu guztiak bateratzeko garatutako SmartCity plataforma bat, Donostiako Sustapenaren, Ingurumen eta Mugikortasun departamentuaren eta Donostiako Udaleko Ur eta Argiteria arloaren partaidetzarekin. Datozen hilabeteetan, Altza auzoko datuak bateratuko dira: argindar-kontsumoen eta ur-kontagailu adimentsuen, argiteria adimentsuaren, pertsonen zenbaketa eta tracking sistemaren, ingurumen-sentsoreen eta besteen plataforma. Egin den lehenengo lana izan da Kale Nagusiaren eta Alde Zaharraren monitorizazioa hartzen zituen plataforma egokitzea, eta Altzan egindako garapenen eta hedatzeen monitorizazioa gehitzea, bildutako datuak balio erantsidun adierazle bihurtuz, erabakiak hartzen lagungarri izan daitezen.

 

Gaur egun, Kale Nagusiko 70 etxebizitza baino gehiago ari da SmartKalea proiektuan parte hartze; ekimen horrek aukera eman die beren ur- eta argindar-kontsumoak aztertzeko, eta beren etxebizitzetako kontsumoak murrizteko neurriak hartzeko, horrek dakarren aurrezpen ekonomikoarekin. Kale Nagusiko SmartKalea proiektuak %53ra arteko energia-aurrezpenak lortu ditu argiteria publiko adimentsuko sistemari esker. 2017an zehar, Alde Zaharreko etxebizitzekin lanean jarraitzeaz gain, Altza auzoko bizilagunak ere proiektuari batuko zaizkio, hasi baitira dagoeneko beren kontsumoak monitorizatzen. Datozen egunotan, proiektuarekin bat egiteko izena emateko epea irekiko da berriro ekimen honetan parte hartu nahi duten Altzako auzotarrentzako. Altza auzoak 20.279 biztanle ditu (hiriaren % 10,9), eta kilometro koadroko 4.053 biztanle inguruko dentsitatea; Donostiako auzorik jendetsuenetako bat da. Profil sozioekonomiko ahuleko biztanleak dira gehienak; errenta txikieneko auzoa da hirian (%70,8).

 

Komertzioen ezaugarriak aztertuta, Altzak 156 komertzio ditu; %7,7ko komertzio dentsitatea du (Donostiak %15ekoa). Eta ostalaritzako 77 establezimendu ditu.

 

Azken Berriak

Jadanik eskura dago SmartKalea proiektuaren 2021eko urteko txostena

SmartKalea proiektuaren 2021eko urteko txostena argitaratu da. Txosten horretan, 2021ean SmartKalea barruan monitorizatutako datuen emaitzak jasotzen dira. Zehazki, etxebizitza eta saltokien energia-kontsumoak eta kontsumo horien bilakaera aztertzen da txostenean. Halaber, argiztapen publiko adimendunaren kontsumoak aztertzen dira. Bestalde, oinezkoen, ibilgailuen eta tren-bidaiarien ugaritasunarekin lotutako datu monitorizatuak aztertzen dira. Azkenik, proiektuaren esparru geografikoetako aire-kalitatearen sentsorika aplikatuz lortutako datuen azterketa egiten da.

Jatorri berriztagarria duen energia elektrikoa taldean erostea SmartKalea proiektuaren esparruan

Donostia Sustapenak, SmartKalea proiektuaren esparruan, kontsumitzaileen elkarte bat sustatzen du, proiektuarekin bat egiten duten saltoki batzuek osaturikoa. Saltoki horiek, modu bateratuan, energia elektrikoa erosteko eskaintzak eskatzen dizkiete enpresa merkaturatzaileei. Elkartearen helburua da energia elektrikoaren hornikuntzan erabiltzaileek banaka eskuratuko lituzketen baino prezio lehiakorragoak lortzea.

SmartKalea-ko ideien deialdia

Dagoeneko kontsulta daitezke RAZ enpresak Donostiako Antso Jakitunaren kaleko mugikortasunari buruz egindako ekimenaren datuak. Ekimen hori Donostiako Sustapenaren Smar ideia-deialdiaren esparruan garatua izan da.

Donostia, Bodah proiektuaren hiri pilotua

Donostiako hiriak, Donostia Sustapenaren bidez, Interreg Atlantic Area programako BODAH (Big and Open Data for Atlantic Heritage) Europako proiektuan parte hartzen du. Hiria, Pau, Cork eta Compostelako Santiagorekin batera, proiektuaren barnean dauden 4 hiri pilotuetako bat eta, hala aurkezten da, herritarren eta turismoaren fluxuen inguruko garapen iraunkor holistikoena indartzeko eta datu eta teknologia adimentsuak erabiltzeari esker eragin sozial eta ekonomikoak birbanatzeko helburuarekin.

Pertsonen zenbaketa

SmartKalea proiektuaren esparru barruan Donostian ezarritako zenbaketa sentsoreak. Donostia Sustapenak pertsonak zenbatzeko sentsore ugari ezarri ditu hirian zehar, SmartKalea proiektuaren esparru barruan. Sentsore hauei esker ezagutu daiteke kale bakoitzetik igarotzen diren pertsonen kopurua denbora errealean eta bi norabideetan, Alde Zaharrera sartzeko eta bertatik ateratzeko, % 97tik gorako zehaztasunarekin ...

 


 

Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatutako proiektua, eta Europar Batasunak-Next Generation EU, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatua.

faldonsmart