Webgune berrian, monitorizazio-plataforma baten bidez, Donostiako Parte Zaharreko Kale Nagusian eta Altza Pasealekuan ezarri den proiektu honetan parte hartzen duten etxebizitza eta saltokietako energia- eta ur-kontsumoak kontsultatu daitezke, bai eta argiteria publiko adimendunaren kontsumoak eta gune monitorizatuetan zenbat jende ibiltzen den ere. Gainera, informazio meteorologikoarekin eta kultur ekitaldiekin osatzen da informazio hori, eta, horri esker, ikusten da nola eragiten dioten horrelako aldagaiek han ibiltzen den jende-kopuruari. Beraz, lortutako batezbestekoei buruzko adierazleak, joera-grafikoak eta munduko beste leku batzuetako kontsumoekiko alderaketak lortzen dira.
Donostiako Alkateordetzak, Sustapen Elkartearen bidez, SmartKalea proiektuan monitorizatzen ari diren datu irekiak argitaratzeko plataforma bat plazaratu du. Proiektuko sistema guztiak kudeatzeko eta integratzeko smart plataforma baten bidez monitorizatzen ari diren sistemen denbora errealeko datu dinamikoak argitaratzen ditu webguneak. Ernesto Gasco alkateordeak adierazi zuenez, “zenbait urtez buru-belarri lan egin ondoren SmartKalea proiektuan zenbait gailu teknologiko txertatzeko, gaur atseginez ikus dezakegu webgune horren bidez integratutako eta alderatutako informazio guztia, eta smart datuak eta adierazleak behar bezala interpretatzeko kultura bat sortzen jar dezakegu arreta”.
SmartKalea proiektua 2014an abiatu zen —Parte Zaharreko Kale Nagusian ezarri zen orduan—, eta, 2016az geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere finantzatzen du, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailaren bidez, proiektua Altza auzora ere hedatzeko.
Webgunean, datuen eguneko eta urteko egoeraren adierazleak eta bilakaera-grafikoak ikus daitezke, eta, horrez gain, auzoetako ezaugarri-iragazkiak ezar daitezke, saltokika edo etxebizitzaka xehatu daiteke… Gainera, webguneak datu horien azalpenak eta baliokideak ematen ditu, errazago uler daitezen. Bestalde, SmartKaleko kontsumoak munduko beste leku batzuetako kontsumoekin alderatu daitezke, eta ikus daiteke, halaber, zenbat aurreztu den kaleko azpiegituran eta proiektuan parte hartzen duten saltoki, ostalaritza-establezimendu eta etxebizitzetan baliabideak eraginkortasunez erabiltzeari eta optimizatzeari esker. Jende-kopuruaren datuen kasuan, aurreko eguneko datua hilabete bereko eredu-egun batekoarekin eta asteko egun berekoarekin alderatu daiteke, bai eta egun seinalatuetako jende-jarioarekin ere, hala nola Danborrada-egunekoa, Ama Birjinaren bezperakoa, Estropada-egunekoa eta San Tomas egunekoa, egun horietan izugarri igotzen baita Donostiako Parte Zaharreko jende-jarioa. Alderaketa horiei esker, herritarrek jakin dezakete, adibidez, zenbat jende ibiltzen den asteko egun bakoitzean.
SmartKalea proiektuaren sistemak kudeatzeko eta integratzeko smart plataforma Ikusi enpresak garatu du. Enpresa hori Donostiako Sustapeneko Smart Klusterreko kide da, eta proiektuan parte hartzen ari diren enpresa teknologikoetako bat da. Ikusi enpresaz gain, tokiko beste zenbait enpresa teknologikok ere hartzen dute parte proiektuan. Haiek beren ezagutza ekartzen dute, eta beren teknologia probatzen dute hiriko benetako inguruneetan.
Hala, enpresa hauek hartzen dute parte, besteak beste: Uhin Energia (energia-eraginkortasunaren inguruko aholkularitza ematen du, bai eta energia-kontsumoak monitorizatzeko irtenbideak ere), Dinycon (oinezkoen jarioa monitorizatzeko sistemak ematen ditu), Leycolan enpresa teknologikoa (argiteria adimendunaren sistema instalatu du), In Situ aholkularitza-enpresa (saltokientzako aholkularitza eta IKT irtenbideak eskaini ditu) eta Idom (laguntza ematen du smart aholkulari gisa).
Webgunean, Jardunbide Egokien Gida bat ere deskargatu daiteke, bata herritarrei zuzendua eta bestea saltokiei eta ostalaritza-establezimenduei zuzendua. Gida horretan, aholku praktiko eta errazak ematen dira, nola optimizatu energia-baliabideak eta ur-kontsumoak eta nola murriztu haiei lotutako kostuak. Horren helburua da herritarrek gomendio erraz batzuk izatea eskura, beren kontsumoak hobetu daitezen eta merkeago ordaindu ditzaten, bai eta jasangarritasunaren eta energia-eraginkortasunaren arloko kontzientziazioa sustatzea ere.
SmartKalea Donostiako Sustapenaren ekimen aitzindari bat da, zenbait smart inplementaziotan oinarritua eredu integral bat probatzeko eta baliozkotzeko, beste eremu geografiko batzuetan errepikatu dadin eta Donostia smart erreferentzia-puntu bihur dadin. SmartKaleak ingurumen-jasangarritasuna, energia-eraginkortasuna, herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzen ditu. Horretarako, tokiko enpresa teknologiko laguntzaileen puntako teknologia erabiltzen du, eta datuak proiektuaren smart plataforman txertatzen ditu, haiek monitorizatzeko eta adierazleak lortzeko.
Proiektuak, gainera, lankidetza-eredu publiko-pribatu berritzaile bat du, zeinak smart ikuspegitik integratzen baititu hiriko eremu batean biltzen diren eragileak: herritarrak, negozioak, enpresa teknologikoak eta udal sailak (Ingurumena, Mantentze Lanak eta Hiri Zerbitzuak…), Donostiako Sustapenaren koordinaziopean. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundia ere ari da proiektua finantzatzen.
2014an, Kale Nagusian hasi zen inplementatzen SmartKalea proiektua, Donostiako Parte Zaharreko oinezkoentzako kale enblematikoan, hain justu. Pilotuaren emaitza onei esker, aurrera jarraitu ahal izan da proiektuarekin, eta hiriko beste eremu batzuetan errepikatu da. Hala, 2016an, Parte Zahar osoan eta Altza auzoan egin dira jarduerak. 2018an, aurreikusita dago Amarako Antso Jakituna kalean esku hartzea, eta SmartKalea proiektua Altzako auzo osora zabaltzea, Parte Zaharrean lanean jarraitzeaz gain.
SmartKalea ekimen aitzindaria da estatu-mailan, eta energia-eraginkortasunaren zenbait irtenbide integratzen ditu hiriko kale bakar batean. Irtenbideok eskala txikian behar duten koordinazio- eta integrazio-mailak pixkanaka hiriaren gainerakora heda daitekeen esperientzia pilotu gisa balio dezake. SmartKalea proiektuaren esperientziari esker, proiektua beste auzo batzuetan errepikatu daitekeenez, epe laburragoetan lor daitezke emaitzak energia- eta kontsumo-aurrezpenean, lortutako egiten jakiteaz baliatzen baita. Horretarako, tokiko eragile publiko-pribatu parte-hartzaileen artean lehendik zegoen koordinazioa, lan-metodologia frogatu bat, jardunbide egokiak eta etxebizitza- eta negozio-moten eta abarren araberako aurrezpen-neurriak erabili dira. Haiei esker, aurrerapauso handiak ari dira ematen Donostia hiriko smart estrategia gauzatzen.
SmartKalea proiektuaren 2021eko urteko txostena argitaratu da. Txosten horretan, 2021ean SmartKalea barruan monitorizatutako datuen emaitzak jasotzen dira. Zehazki, etxebizitza eta saltokien energia-kontsumoak eta kontsumo horien bilakaera aztertzen da txostenean. Halaber, argiztapen publiko adimendunaren kontsumoak aztertzen dira. Bestalde, oinezkoen, ibilgailuen eta tren-bidaiarien ugaritasunarekin lotutako datu monitorizatuak aztertzen dira. Azkenik, proiektuaren esparru geografikoetako aire-kalitatearen sentsorika aplikatuz lortutako datuen azterketa egiten da.
Donostia Sustapenak, SmartKalea proiektuaren esparruan, kontsumitzaileen elkarte bat sustatzen du, proiektuarekin bat egiten duten saltoki batzuek osaturikoa. Saltoki horiek, modu bateratuan, energia elektrikoa erosteko eskaintzak eskatzen dizkiete enpresa merkaturatzaileei. Elkartearen helburua da energia elektrikoaren hornikuntzan erabiltzaileek banaka eskuratuko lituzketen baino prezio lehiakorragoak lortzea.
Dagoeneko kontsulta daitezke RAZ enpresak Donostiako Antso Jakitunaren kaleko mugikortasunari buruz egindako ekimenaren datuak. Ekimen hori Donostiako Sustapenaren Smar ideia-deialdiaren esparruan garatua izan da.
Donostiako hiriak, Donostia Sustapenaren bidez, Interreg Atlantic Area programako BODAH (Big and Open Data for Atlantic Heritage) Europako proiektuan parte hartzen du. Hiria, Pau, Cork eta Compostelako Santiagorekin batera, proiektuaren barnean dauden 4 hiri pilotuetako bat eta, hala aurkezten da, herritarren eta turismoaren fluxuen inguruko garapen iraunkor holistikoena indartzeko eta datu eta teknologia adimentsuak erabiltzeari esker eragin sozial eta ekonomikoak birbanatzeko helburuarekin.
SmartKalea proiektuaren esparru barruan Donostian ezarritako zenbaketa sentsoreak. Donostia Sustapenak pertsonak zenbatzeko sentsore ugari ezarri ditu hirian zehar, SmartKalea proiektuaren esparru barruan. Sentsore hauei esker ezagutu daiteke kale bakoitzetik igarotzen diren pertsonen kopurua denbora errealean eta bi norabideetan, Alde Zaharrera sartzeko eta bertatik ateratzeko, % 97tik gorako zehaztasunarekin ...
Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatutako proiektua, eta Europar Batasunak-Next Generation EU, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatua.
© 2024 Fomento de San Sebastián.